XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Versailleseko jauregia

Luis XIV.ak Parisen eman zituen bere bizitzako lehenengo urteak, Louvreko jauregian eta errege sendiak Parisetik gertu zeukan St.Germain en Layeko etxaldean.

Geroago asko ibili zen Frantzia guztitik, jauregi eta gaztelutan bizi izan zelarik, eta armada gerraren batetan murgildurik zegoenean edozein erasoaldi edo hesi-guda gertatzen ari zen tokira abiatzen zen.

1.669.etik 1.670.era bitartean, bere aitak Parisetik hamazortzi bat kilometrotara hegomendebaldean zegoen Versailles izeneko herrian eraikia zuen ehiza pabiloira joaten hasi zen.

Erregea hara joaten zen bere lagunekin zaldiz ibili eta libertitzera.

Luis zaletu egin zen Versailleseko gaztelu zahar eta bitxiaz eta berau inguratzen zuten landa eta basoetaz, eta ahal zuen denbora gehiena Parisen baino, bertan ematea erabaki zuen.

Baina antzinako ehiza pabiloia ez zen egokia Europako erregerik handienaren egoitza izateko, hortaz, handitu eta eraberritzea erabaki zuen.

Arkitekto, artista, lorazain, zurbiltzari, tapizgile, eskultore eta azpatzailerik famatuenak erakarri zituen eta urteen joanarekin ikusi zuen Versailles, poliki poliki, XVII. mendean kontenpla zitekeen jauregirik bikain, arranditsu eta ospetsuena bilakatzen.